MARKOA
Stop Fosilak-ek aurkeztu duen Euskal Herria Energia Burujabetzarantz: 2050 Agertokia dokumentua trantsizioaren non-nola-zenbat galderei erantzuteko saiakera ariketa bat da, proposamen bat. Donut Ekonomian eta CLEVER Energy Scenario lanetan oinarritzen da. Helburua da 2050erako karbono neutraltasuna eskuratzea, planetaren mugen barruan dagoen eta oinarrizko zoru sozial bat guztiontzat bermatuko duen tokiko energia sistema berriztagarriaren bidez. Proposamenaren bihotza NEB ikuspegia da: Nahikotasuna-Eraginkortasuna-Berriztagarriak.
ABIAPUNTUKO EGOERA ENERGETIKOA



Petro Herria
Abiapuntuko egoera kasarra da.
- Gure metabolismo energetikoa oso intentsoa da (50.000 petrolio upel baina gehiago egunero)
- Fosila (>%80 petrolioa eta gasa)
- Externalizatua (%86-90 inguruko kanpo dependentzia)
Horrez gain, erabat pribatizatua dago eta lurralde desoreka nabarmenarekin: EAEk Nafarroak baina ia hiru aldiz gehiago kontsumitzen du, baina ia hiru aldiz eremu txikiagoa du. Sektoreka, garraioan eta industrian daude kontsumo handienak.
Sorkuntza berriztagarria
Euskal Herrian kontsumitzen den elektrizitatearen %27 ekoizten da bertako berriztagarriekin. EAEn %7. Potentziaren 3/4 inguru Nafarroako eolikoa da. Azken kontsumo energetikoaren (80 TWh) %25 izan zen elektrikoa. Beraz, elektrifikazio maila txikia du Euskal Herriak.
TRANTSIZIORAKO HAMAR PRINTZIPIO
1. NAHIKOTASUN printzipioa
Gure herritarren ongizatea eta guztientzako bizitza duina bermatzeko behar adina energia eta ez gehiago kontsumitzea izan behar da helburua, eta, horretarako, 2050 urterako energia kontsumoa % 45 murriztea (CLEVER eszenatokia) helburu izango duten efizientzia eta nahikotasun politikak sustatu behar dira, bereziki maila ezberdinetako administrazio publikoen partetik.
2. ORDEZKATZE printzipioa
Energia berriztagarrien hedapenak ez du klima larrialdiaren aurkako borrokan lagunduko, ez baditu petrolioa eta gasa ordezkatzen. Horretarako, kontsumoaren murrizketan, berriztagarrien hedapenean eta sektore ezberdinen elektrifikazioan aurrera egitearekin batera, maila ezberdinetako administrazio publikoek energia iturri eta azpiegitura fosilak albo batera uzteko politikak sustatu behar dituzte.
3. BURUJABETZA printzipioa
Inportatutako baliabide fosilekiko egun dugun menpekotasuna eta horrek gure herritarren ongizatean daukan eragina aintzat hartuta, trantsizio energetikoa gure erresilientzia handitzeko baliatu behar da, energia burujabetzan jauzi bat eman eta 2050erako gutxienez %50eko autosufizientzia maila bat eskuratuz.
4. ERANTZUKIDETASUN printzipioa
Beren ahalmen eta ardura mailaren arabera, lurralde ezberdinetako administrazio publikoek, eragile ekonomikoek eta herritarrek CO2 isurien eta energia kontsumoaren gaineko erantzukizuna hartu behar dute, energia sorkuntzan lurraldeak daukan gaitasunaren araberakoa den ekarpena eginez.
5. OSAGARRITASUN printzipioa
Ahalik eta autosufizientzia maila handiena lortu ahal izateko, teknologia eta eskala ezberdinen arteko osagarritasuna bilatu behar da, autokontsumotik hasi eta zentral fotovoltaiko eta eolikoetaraino, beti ere, zona degradatuak, ingurumen-sentsibilitate baxuko kokapenak eta hurbileko hornidura lehenetsiz.
6. BATERAGARRITASUN printzipioa
Energia berriztagarrien hedapena landa eremuen izaerarekin, lurraldeak bete behar dituen gainontzeko funtzioekin (elikagaien ekoizpena, ur hornidura …) nahiz ekosistema naturalen zaintzarekin bateragarria izan behar da eta, horretarako, lurralde plangintza egoki bat behar da. Lurralde plangintza horrek, energia berriztagarrien ezarpena azkartzeko toki egokienak eta bertan garatuko diren proiektuen kudeaketa baldintzak zehaztearekin batera, nekazaritzarako lur emankorrenak nahiz biodibertsitatearen ikuspegitik balio altukoak diren eremuak babestu eta ekosistema naturalen berreskurapenerako politikak sustatu behar ditu.
7. INPAKTU GLOBAL TXIKIENAren printzipioa
Inpaktu global txikienak sortzen dituzten teknologiak lehenetsi behar dira. Horretarako, teknologia ezberdinei loturiko bizi zikloaren analisiak egin behar dira eta materialen berreskurapen eta birziklapena sustatu behar da, ekonomia zirkularraren printzipioak jarraituz eta beste herrialdeetan sortzen dugun inpaktua aintzat hartuta.
8. PARTE HARTZE printzipioa
Berriztagarrien hedapenak luzera begirako estrategia, lurralde antolaketa eta planifikazioa behar ditu, eta administrazio publikoei dagokie jarraitu beharreko bide-orria ahalik eta adostasun sozial handienarekin onartzeko beharrezkoak diren deliberazio prozesuak sustatzea. Prozesu horien baitan, azpiegitura berriztagarriak jaso ditzaketen lurralde eta komunitateak entzunak izan behar dira. Era berean, jendarteari egiten dioten ekarpenagatik, berriztagarriak hartzen dituzten lurraldeek konpentsazio neurriak izan behar dituzte.
9. DEMOKRATIZAZIO printzipioa
Energia trantsizioa ongizaterako hain beharrezkoa den sektore energetikoa ahalik eta gehien demokratizatzeko baliatu behar da, energia izateko eskubidea pertsona guztientzako bermatuz eta adin, genero edo jatorriari lotutako desberdinkeriekin bukatuz. Horretarako, instituzio publiko nagusiek trantsizioaren lidergoa hartu behar dute eta, besteak beste, jabetza partekatuko proiektuak sustatu behar dituzte, udalei
eta energia komunitateei ere energia sorkuntza azpiegituren jabetzan parte hartzeko aukera emanez. 2050 urterako eskala ertain-handiko sorkuntza azpiegituren % 50a gutxienez jabetza publiko-komunitariokoa izan beharko litzateke.
10. ALDIBEREKOTASUN printzipioa
Aldaketa klimatikoaren larritasuna, gure ardura historikoa eta abiapuntuko egoera kaskarra kontuan hartuta, trantsizioak ahalik eta azkarrena izan behar du. Hortaz, ezin daiteke mailakatzerik ezarri kontsumo murrizketaren, autokontsumoaren eta zentral eoliko eta fotovolatikoen ezarpenaren artean, dena batera egin beharra dago, bakoitzari bere mugarri propioak ezarriz.
KONTSUMO MURRIZKETAK 2025-2050
%45eko kontsumo murrizketa
Euskal Herrian CLEVER eszenatokiak proposatzen duen Nahikotasuna-Eraginkortasuna-Berriztagarriak (NEB) markoa aplikatzeak %45eko energia kontsumoaren murrizketa dakar 2050erako. Funtsezko helburu hori lortzeko, elektrifikazioarekin batera, mugikortasun eta garraio ereduaren eraldaketa, ekonomia zirkularraren printzipioek gidatutako industria birmoldaketa eta eraikitako parkearen berrikuntza sakona behar dira.
Kontsumo murrizketa sektoreka
BURUJABETZA ETA SORKUNTZA AGERTOKIAK
NEB %50 eta NEB 2/3, bi agertoki
Txosten honetan bi agertoki aztertu dira: %50eko burujabetza (NEB %50) eta 2/3-ekoa (NEB 2/3). 2050ean mixaren 2/3 elektrikoa izatea aurreikusi da. %50eko burujabetza lortzeko 20 TWh inguru sortu behar dira EHan. Teilatuetan 5 TWh sortzea estimatu da. Gainerakoa lurreko FV eta eolikoa da. Orotara ia 7.000 MW beharko lirateke.
Banaketa lurraldeka
Eremuen zabalera eta baliabide berriztagarria kontuan hartuz, Nafarroan ia hiru aldiz potentzia gehiago instalatzea proposatzen da.
Toki egokia dago Euskal Herrian
Gallegoren ikerketaren arabera, ingurumen sentsibilitate baxuko tokiaetan 18.000 MW-ko potentziala dago Euskal Herrian, eta, soilik 3.500 MW beharko lirateke %50 subiranotasuna agertokirako. Era beran, 7.200 ha beharko lirateke fotovoltaikoarentzat. Konparaziorako, 200.000 ha daude baso ustiapenerako landaketetan (eukaliptoak, pinuak, etab.) soilik EAEn.
Lurraldearen %2 baina gutxiago!
NEB %50 agertokira distantzia
Helburuekiko ia abiapuntuko momentuan gaude, beraz, 25 urtetako erronka handia dago aurretik. Nafarroan instalatu beharreko eolikoaren %42 dago. Helburu horiek instalazio berriekin nahiz lehendik dauden instalazioak birpotentziatuz lor daitezke, batez ere, eolikoaren kasuan, egungo teknologiak efizientzia askoz handiagoa baitu.
Helburua: %50 jabetza herritarra 2050ean
Instalatutako potentziaren % 50 jabetza publiko-komunitariokoa izan dadin, hemendik 2050era arteko beharrezko inbertsioa 7.500 milioi euro ingurukoa da NEB %50 agertokirako, eta 11.500 milioi eurokoa NEB 2/3 agertokirako.
LABURPENA
Euskal Herria Energia Burujabetzarantz: 2050 Agertokia lanaren ondorio gakoetako bat honakoa da: baita gutxieneko agertoki batean ere (kontsumo murrizketa handia, burjabetzaren erdia eta teilatuetako potentziala erabilita) parke eoliko eta fotovoltaikoen hedapen nabarmena beharrezkoa da Euskal Herrian.