TRANTSIZIO ENERGETIKOA: GELDITU ALA BIZKORTU?
Idazki honen bidez, trantsizio energetikoari eta parke eoliko eta fotovoltaikoei buruzko elkarrizketari ekarpena egin nahi diogu, Sustrai Erakuntzak Stop Fosilak bezalako proposamenei buruz garatu duen testuaren baliatuz gure ikuspuntua plazaratzeko. Eztabaidaren tonua zein kolektibo honek eta beste askok krisi ekosozialaren aurka borrokatzen egiten duen lan nekaezina eskertu nahi ditugu. Kezka asko partekatzen ditugu, nahiz eta diagnostikoaren zati batean desberdintasunak izan, eta, batez ere, proposamenen aldetik gabezia dagoela uste dugun. Eztabaida aberasten laguntzea espero dugu.
Testu honetan, lehenik eta behin, “metaketaren akatsa” dela uste dugun horretan sakonduko dugu. Bigarrenik, erabat partekatzen ez ditugun adierazpen batzuei azkarrago erantzuten saiatuko gara. Hirugarrenik, desazkundeari buruzko galdera batekin amaituko dugu, eztabaidak aurrera egin dezan
Testu osoa PDFan irakur dezakezu. Hemen ideia nagusiak:
Bi gogoeta orokor:
- Adostasun zientifikoa: IPCCren txostenen arabera, eguzki- eta haize-energia dira klima-ekintza kostu-eraginkorrenak eta azkarren deskarbonizatzeko gaitasun handiena dutenak. Beraz, PEFak “irtenbide faltsu” gisa definitzeak ez du oinarri zientifikorik.
- Kontsumoa murriztearen muga: Hainbat erakunderen modelizazioek (NEB 50, Greenpeace, Clever, Xarxa per la Sobirania Energètica) ondorioztatzen dute 2050erako energia-kontsumoa erdira jaitsi behar dela. Hala ere, murrizketa hori eginda ere, teilatuak eta gune antropizatuak ez dira nahikoak; eskala handiko azpiegitura berriztagarriak ezinbestekoak dira erregai fosilak lurpean uzteko.
1. Metaketaren akatsa (Ordezkapena badago)
- Mundu eta Europa mailan: Global Carbon Budgeten arabera, 2026an erregai fosilen isuriak % 0,4 jaitsiko dira energia garbien hedapenaren eta Irango gatazkaren ondorioz. AIEren datuen arabera, 100 herrialdek baino gehiagok murriztu dituzte erregai fosilen inportazioak berriztagarriei esker. Europan ikatz-zentralak ixten ari dira (Erresuma Batuan argindar sektoreko isuriak % 74 jaitsi dira 2012tik), eta Alemanian saihestutako isurien % 80 berriztagarriei zor zaie. Gainera, EBn kontsumoari lotutako isuriak ere % 18 jaitsi dira, beraz, ez da soilik industria kanporatzearen ondorioa.
- Nafarroako kasua: Nafarroako Balantze Energetikoaren arabera, berriztagarriek 463.479 tona CO2 saihestu zituzten 2024an (% 68ko murrizketa). Castejongo ziklo konbinatuko zentralek martxan jarraitzeak ez du esan nahi metaketa dagoenik; zentral horiek Espainiako sare penintsularrari erantzuten diote eta esportaziorako aktibatzen dira. Nafarroako barne-kontsumoari lotutako argindar isuriak % 54,10 jaitsi dira 2005etik.
- Espainiako argindar sistema: Argindar sorkuntzaren isuriak % 60 jaitsi dira 1990etik 2024ra, eta ikatza ia desagertu egin da mix-etik (As Pontesko zentrala eraitsi izana horren adibide). Arazo nagusia garraioan dago, sektore hori oraindik elektrifikatu gabe dagoelako eta bere isuriak % 60 hazi direlako. Etxeetan gasolio-galdarak kendu eta aerotermia jartzea erregai fosilen ordezkapen zuzenaren adibide askotariko bat da.
2. Beste gogoeta batzuk (Eztabaidako puntuak)
- Argindar kontsumoaren bilakaera: Nafarroan zein Espainiako Estatuan argindar kontsumoa berriro goranzko joeran dago azken urteetan (autokontsumoa ere kontuan hartuta). Elektrifikazioa hasi besterik ez da egin; Txinak % 27ko tasa du dagoeneko eta Norvegiak % 47koa.
- Eraginkortasuna eta biltegiratzea: Biltegiratzean galerak egon arren, sistema elektroteknikoa fosila baino hiru aldiz eraginkorragoa da oro har (motor elektrikoek eta bero-ponpek askoz energia gutxiago galtzen dute).
- Lurraldearen okupazioa: Nafarroan ingurumen-sentikortasun baxuko eremuetan 13.040 MW eoliko instalatzeko potentzial optimoa dago, eta gaur egun 1.600 MW baino ez daude. Euskal Herri osoan trantsizioa egiteko lurraldearen % 2 baino gutxiago beharko litzateke.
- Materialak eta meatzaritza: Trantsizio energetikoak erregai fosilen sistemak baino meatzaritza-jarduera askoz txikiagoa eskatzen du (ia erdira jaitsiko litzateke). Gainera, teilatuetako plakek lurreko parke handiek baino aztarna material handiagoa dute ekoitzitako energia-unitate bakoitzeko, leku ez-optimoetan jartzen direlako. Bestalde, mineral nahikoa dago trantsiziorako eta osagaien birizklapen tasa handiak lortu dira.
- Bizi-ziklo osoko isuriak: Eolikoaren isuriak 11 g CO2e/kWh dira (ikatzarenak 970 g direnean). 2050era arteko azpiegitura guztiak eraikitzeak 40 GtCO2e sortuko lituzke, baina 1.000 GtCO2e saihestuko lituzke. Beraz teknologia garbiak dira erregai fosilen aldean.
- Murrizketa-maila zehaztea: Denak ados daude kontsumoa jaitsi behar dela, baina zenbat? Stop Fosilak-ek % 45eko jaitsiera proposatzen du 2050erako (beste ikerketa batzuek % 39 eta % 51 artekoa proposatzen dute).
- Instalazio txikien mugak: Eskala txikiko proiektuak eta teilatuak soilik onartuko balira, kontsumoa % 90 baino gehiago murriztu beharko litzateke (industria eta osasun sistema deseginez), edo bestela energia guztia kanpotik inportatu, edo erregai fosilak erretzen jarraitu. Alternatiba horiek ez badira onargarriak, orduan gure lurraldean parke eoliko eta fotovoltaikoak ere beharko ditugu.
- Elkarlanerako deia: Desberdintasunak egon daitezke, baina desberdintasun horiek aberasgarriak dira zatitu ordez elkarlanerako direnean. Azken finean, denok lubaki berean gaude: karbono eta ultraeskuinezko sute erraldoi honen aurkako borrokan. Gai konplexu honetan eztabaida eraikitzaileak aurrera egin dezala desio dugu.