TRENBIDE ERTZEKO BEHIA
Ez da txantxetarako garaia. Kiskaltzeko moduko beroa, desertifikazioa, puntako fenomeno klimatikoak, biodibertsitate galera, desberdintasunen areagotzea, kutsaduraren ondorio diren hildakoak… Garaia da larrialdiaren tamainako ardura hartzeko. Hemen eta orain. Ez dago inongo justifikaziorik neurriak gehiago atzeratzeko. EAEko arduradun politikoek erakusten duten arduragabekeri estrategikoa kriminala da. Jarrera hau ez da ezjakintasunaren ondorio, egunero 50.000 petroleo upel erretzen jarraitzeko fosilismoaren agindua baizik. Beste herrialde batzuetan elektrizitate sorkuntzaren mixean eraldaketa handia egon den aldi berean, EAEn orain bi hamarkadatako egoera fosilistan gaude.
Hala ere, hainbat elementu ukaezinak dira dagoeneko. Bat, erregai fosilak lurperatzea lehentasunezkoa dela. Bi, hori ahalik eta azkarren egin behar dela. Eta hiru, horretarako, parke eoliko eta fotovoltaiko handiak garatzea ere beharrezkoa dela. Noski, deskarbonizazioaren epeek ematen duten marjinaren barruan, jabetza eta justizia ere disputatu beharko dira. Maximora. Eta hemen erreferente faltan gaude Euskal Herrian; eskala txikiko ereduak garatu ditugun arren, proiektu handien espazioa, momentuz, enpresa handien esku utzi dugu. Eta badakizue, musean, txikitako jokalaria, galtzaile segurua. Zorionez hainbat tokitan eskala handia eta herritarra bidelagun izan daitezkeela erakusten ari dira. Hainbat tokitan landa eremuko heldu eta haurrek argazkiak ateratzen dituzte energia komunitateek eraikitako eoliko handien azpian, bertan, haize-errotek burujabetza, ahalduntzea, mundu garbiagoa, etorkizuna eta esperantza sinbolizatzen baitute. Erreferente berriak mahaigaineratu eta iruditeri kolektiboa aztoratu nahian hona hemen inspiragarriak izan daitezkeen zenbait eredu:
Ènergie Partagée – Frantziako kooperatiba energetikoa
Énergie Partagée kooperatibaren txapelapean jabetza partekatuko energia sorkuntzako dozenaka proiektu sortu dira frantziako estatuan zehar. Jabetza bertako erakunde, komunitate eta enpresen artean elkarbanatzen da proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera. Aipagarria, apirilean inauguratutako “Fief Sauvin” proiektua non 8.000 herritarrek parte hartu duten finantziazioan. Lau aerosorgailu, 20.000 pertsona hornitzeko 27GWh/urteko energia sorkuntza eta 24 milioi euroko kostua izan duena. Denera kooperatibak 481 proiektu bultzatu ditu, 1.5 milioi pertsonen energia kontsumoa bermatuz. Parke eoliko pribatu konbentzionalek ez bezala, zeinak sarritan gardentasun faltagatik auzokideen gaitzespen handia sortzen duten, Énergie Partagée-ren ereduak aukera ematen die biztanleei kooperatibak osatzeko, erroten kokapenari buruzko erabakiak hartu eta sortutako energiaren zati haundi baten jabe izateko. Erakundearen arabera, jardun mota honek proiektu pribatu hutsenak baino 2-3 aldiz aberastasun gehiago uzten dio tokiko ekonomiari. Proiektuko kide baten hitzetan, “Errotak biratzen ikusteak eta egitura horren zati txiki bat nirea eta nire bizilagunena dela jakiteak izugarrizko harrotasun sentsazioa ematen dizu.”
Info gehiago: www.energie-partagee.org/projets/parc-eolien-fief-sauvin/
Energia sorkuntzaren sistema pribatu eta kontzentratutik, eredu publiko-komunitario eta banatuagora bide eraldatzailea egiteko, modu ezberdinak bilatu beharko ditugu, eta oraindik nahiko ikusezinak badira ere, Euskal Herrian ere baditugu bidea erakusten diguten zenbait proiektu:
Zaluaga
Euskal Herriaren bihotzean, Senperen, kokatzen da Zaluaga proiektua eta helburua 1000 etxebizitza energiaz hornitzeko energia berriztagarria sortuko duen zentral fotovoltaiko bat eraikitzea da. 4,5 hektarea, 2,6 MWpiko eta 3,1GWh/urteko sortuko dituelarik. Gainera, bertan ekoiztuko den elektrizitatea Enargia kooperatibak salduko du, energia zirkuitu laburra bermatuz. I-ENER, euskal kooperatiba herritarrak gidatzen du proiektua eta garapenean, EHE elkargoa, Bil ta Garbi eta inguruko herriak sozietateko akziodun izango dira.
Ekologiaren aldeko konpromezu zorrotza da Zaluaga proiektuaren oinarrietako bat, integrazio orekatu eta iraunkorra segurtatzeko: zero lur artifizializatzea bilatuz, zoruaren osotasuna zaintzen duten betoizko langen gainean egiturak eraikiz. 30 urterako jarraipen ekologikoa eta bioaniztasuna zaintzeko epe luzerako engaiamendua planifikatu da. Azkenik, konpentsazio neurri eredugarriak tokiko landarediaren eta fauna aktiboki zaintzeko.
Guzti hau garatzeko, bultzatzaileek abian jarri zuten 1 milioi euro biltzeko finantziamendu kolektibo edo herritarra, Zaluaga eta beste 15 estalki fotovoltaiko instalatzeko.
Info gehiago: www.zaluaga.eus
Oñatiko energia ekosistema
Oñatin dugu udalgintza eta jabetza publikoa uztartzen dituen beste adibide on bat. Izan ere, urte asko dira energia berriztagarria sortzen dela Oñatiko Ur Jauziak S.A. enpresaren bitartez (udalaren jabetzakoa), herriko argindar beharrak bermatzeko asmoz, Goiener eta Euskal Energia Erakundearen partehartzearekin. Baina, Oñatik badu beste berezitasun bat ere, energiaren banaketaren zati bat sare propioarekin egiten duela, Oñargi S.L. enpresa publikoaren bitartez. Gainera, Oneko Energia Komunitatea ere badute herritarrak sorkuntzaren eta kontsumoaren inguruan antolatzeko. Eta, zer gertatuko litzake tresna horiei merkaturatzaile publiko bat gehituko bagenio? Energia berriztagarrietan oinarritutako eta jabetza publikoko argindarraren balio kate osatua izango genukeela; energia ekosistema integral bat alegia. Oñatiko argindar merkaturatzaile publikoa sortze bidean da, eta laster ikusiko dugu ekosistema osoa martxan.
Ekosistema honek Oñatiko etxebizitzetako argindar beharraren zati handi bat estali ahalko du, bertan sortutako energia berriztagarriarekin, eta garai ezegonkor hauetan, prezio herritar eta justuak eskeiniko dituen azpiegitura fisiko eta juridikoa izango du eskura. Begi-bistan izateko eredua eskala herritarrari dagokionez eta abiapuntu horretatik bestelako erronkak erantzuteko aukera izango duena. Nola erantzun mugikortasunak suposatzen duen gastu energetikoari eredu berdinetik? Azpiegitura publiko-komunitarioa gai izango da Oñati bezelako industria handiko energia beharrei erantzuteko? Bestelako zein sorkuntza proiektu jarri daitezke martxan eredu honetan?
EHnergia kooperatiba
Euskal Herriko proiektuen arteko saretzea ere gai garrantzitsua da. Izan ere, beharrezkoa dugun eskala haundiko proiektugintza estrategia ezberdinen bitartez lortu daiteke: proiektu handiagoak sustatuz, energiaren balio katean posizioak hartuz edo sortzen goazen proiektu ezberdinak saretu eta indarrak antolatuz.
Bide horretan sortu da EHnergia Energia Komunitateak sustatzeko sarea, energia komunitateak, udalgintza eta bestelako energia burujabetzan dabiltzan eragile eta kooperatibak saretzea helburu duen kooperatiba Europearra, muga administratiboak gaindituz eskala nazionala helburu duena.
Lehen helburua, Euskal Herriko lurralde eta herrietan sortzen doazen Energia Komunitateentzat interkooperazio tresna bat sortu eta hauen eguneroko administrazio eta proiektugintza beharrei erantzutea da. Bigarrenik, energia burujabea sortzeko proiektuak, bide hori landu nahi duten udal eta administrazio publikoekin lotzea, hauei ere zerbitzua emanez. Eta hirugarrenik, elkarrekin saretuta, energia berriztagarrien proiektu handiagoei bide ematea, energia eta proiektu hauetara herritar guztien sarbidea erraztuz eta zabalduz.
Baina Aliziaren mundu miresgarrian ez bezala, dena ez da hain polit eta erraza: bat, aipatutako proiektu kooperatiboen garatze prozesuak nahiko luzeak izaten dira, batzuetan hamarkada bat baino gehiago irauten dutenak. Bi, berauen tamaina handia den arren transizio ekosozialaren dimentsioaren eskala beste bat da (dezente handiagoa) eta denetariko proiektuak beharko dira, idealak eta ez idealak, overshooting delakoa (1,5º-ko tenperatura igoeratik gain pasako dugun urte kopurua) ahalik eta txikiena (gradu kopuruetan) eta laburrena (denboran) izan dadin. Hiru, ohikoa da finantziazioa mixtoa izatea, hau da, herritarrek jarritako diruak proiektuaren zati bat bakarrik estaltzea. Gainerakoa, enpresak eta bankuek finantzatu behar izaten dute, proiektu hauen CAPEXa (proiektua osotara garatzeko beharrezko dirua) handia izaten baita.
Ez da erronka makala aurrean daukaguna. Metafora sinple bat eginez, egungo egoera hegazkin batekin irudikatu dezakegu. Hegan doan hegazkin bat, eta gu barruan goazen bidaiariak. Hegazkinaren motorra aldatu behar da helmugara iritsi nahi badugu, egan goazelarik. Noski, ezin da hegazkina gelditu, ezta lurreratu ere. Berdin gertatzen da gure jendartean. Honaino ekarri gaituen guzti hori, nekazaritzatik industriaraino, enpresetatik ikastetxeetaraino, gurekin egongo da eta tamalez modu kaltegarri berean datozen urteetan. Horregatik modu eraldatzaile, ausart eta pragmatikoan aldatu beharko dira. Transizioaren sakontasunak markatuko baitu etorkizunean izango ditugun albokalteen murrizketa ere.
Honen aurrean, guri dagokiguna ez da erantzun eta kulpa indibidualak asumitzea, erantzun kolektibo eta eraldatzaileak eraikitzea baizik. Proiektugintzaren bueltan elkartu, eztabaidatu, egin eta ilusionatuz lortuko dugu etorkizun desiragarrien bidea egitea. Horretarako, amestu beharko dugu, fikzioak ematen duen gaitasun sortzailea probestu iruditegi berriak sortzeko, energia berriztagarrien aukera oparo eta iraunkorrak solarpunkaren ildo erradikalarekin lotzeko. Bide honetan, azaldu ditugunaren antzeko eta bestelako erreferente berriak sortu beharko ditugu. Proiektu handi eta anbiziozkoak egiteko beldurra galdu. Jabetzak han eta hemen disputatuz. Burujabetza gosea izango dugu akuilurik onena.
Ez da txikira soilik jokatzeko momentua. Eskala eta estrategia guztiak desplegatu beharko ditu transizioak, ahalik eta justuena eta ahalik eta azkarrena izan dadin. Trena badoa. Eta ez dugu trenbide ertzeko behia izan nahi.
Beñat Irasuegi Ibarra eta Ibai Goñi Irazustabarrena